Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Ispaster
2008ko azaroak 23, Domeka

;2008-09-02;Denboraldi borobila egin arren, mailaz igo barik geratu da Isuntza . Arrauna KAE Ligako sailkapen orokorrean bigarren lekuan amaitu dute denboraldia lekeitiarrek; seigarren postuari eutsi diote Ondarroako arraunlariek.

Denboraldi borobila egin arren, mailaz igo barik geratu da Isuntza

Arrauna KAE Ligako sailkapen orokorrean bigarren lekuan amaitu dute denboraldia lekeitiarrek; seigarren postuari eutsi diote Ondarroako arraunlariek.

leire akarregi

«Helburuak beteta». Halantxerik amaitu dute Kantauriko Arraun Elkarteko Liga Isuntzak eta Ondarroak. Lekeitiokoek hurre eduki dute mailaz igotzea, Kaikugaz eta Camargogaz segundotan gertu, estropada ederrak egin ostean. Ondarrutarrek denboraldi hasieran taldea osatzeko eduki zituzten oztopoak gainditu, eta seigarren postu inguruan mantentzea lortu dute estropadarik estropada.

Liga amaituta, eguenean jokatuko duten Kontxako estropadarako sailkapenera begira daude etxeko arraunlariak orain.

Igotzetik hurre

Igoerako kanporaketaren atarian geratu dira lekeitiarrak. Horrenbestez, Kaikuk, Meirak, Laredok eta Arkotek jokatuko dute mailaz igo edo mantentzeko kanporaketa nagusia.

Emaitzokin baina helburuak bete egin dituztela jakin eragin du Josu Aboitiz entrenatzaileak. «Gustura gaude egindakoagaz; pena apur bat sentitu dugu, normala da, baina egon den maila kontuan hartuta eta gainontzekoak zelan ibili diren ikusita, pozik gaude lortutakoagaz». Emaitzak urte osoko beharraren ondorioa izan direla azpimarratu du Lekeitioko entrenatzaileak.

Guztira, 24 laguneko trainerua osatu dute aurten lekeitiarrek; beste sei lagun Getxoko taldean aritu dira. «Emaitzak alde batera utzita, helburu nagusietako bat gazteek arraun egitea izan da, eta hori lortu dugu», esan du Aboitizek.

Datorren denboraldiari begira ipinita, talde sendoagaz ekiteko aukera daukate lekeitiarrek: «Zehazteko daukagun arren, aurten traineruan ibili diren gazteek aurrera jarraituko dute, eta, seguruenik, lehenago arraunean ibilitako beste batzuk ere etorriko zaizkigu». Hala izanda, gustura ibiltzeko moduko trainerua osatu ahalko dutela aitatu du Isuntzakoak.

Gorabehera gutxi

Hamabi lagunek arrauna utzita, trainerua osatzeko oztopo handiekin hasi zuten denboraldia ondarrutarrek. «Hasiera gogorra eduki arren, azkenean lortu genuen taldea osatzea, eta postuetan mantentzea ere lortu dugu», esan du Rikardo Beitia Ondarroako Arraun Elkarteko lehendakariak. Balorazio ona egin du ondarrutarrak, uste zutena baino hobeto ibili direla azpimarratuta.

Harrobia zaintzen

Datorren denboraldian osatuko dituzten taldeak zehazteko arin bada ere, etxeko arraun elkarte biek argi daukate orain arteko filosofiagaz jarraitu behar dutela aurrerantzean ere. Aboitizek zein Beitiak harrobiagaz lana egitearen garrantzia nabarmendu dute; hori ei da elkarte bion eginbeharreko nagusiena. «Neska-mutil gazteeengan arraunerako zaletasuna piztu behar dugu, eta gerora, gazte horiek arraunean jarrai dezatela lortu», esan dute.

Agenda

DEIALDIAK

Euskal preso eta iheslarien aldeko afaria, Txarri boda
MARKINA-XEMEIN, Lea Artibai Ikastetxeko jantokian - 2008-11-20

IRTEERAK


MUTRIKU, Mutriku - 2008-10-30

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.